XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Lurrari emakumeari bezala egin behar zaiok, gozo-gozo alegia, otzan izatea nahi baduk.

-Egidak kasu, Domingo, urtetan lurra lantzen aritu nauk-eta...

-Eta beste hainbeste emakumetan, ezta?

-Tira Jazinto, ez haiz inor emakumeei nola egin behar zaien esateko, denok bezala aspaldi handitik horrelakorik dastatu gabe hago-eta.

-Herri honetan larrutan egitea mirari bat duk, motel!.

-Gizon koadrila gosetu bat besterik ez gaituk estaziokook, eta herriko neskatxek ez zigutek jatekorik ematen, ihes egiten zigutek basapiztiak edo infernuko mamuak izango baikinan.

-Dena apaiz madarikatu horrengatik duk.

-Gure kontra aritzen duk sermoi guztietan.

-Burua ederki jan ziek herriko gizarajoei.

-Don Mariano diok? Jazintok, harridurazko aurpegiaz.

-Inuxente bat duk.

-Hona inoizka hurbiltzen duk pozoia ahotik dariola.

-Sekulakoak esaten zizkidak; jendea galbideetatik eramaten ari naizela, alfer hutsa naizela, zikina, bekataria eta beste hamaika lore.

-Ganbaratik jota zagok.

-Inuxentea izan zitekek, bai, edo zoroa nahi baduk, baina arazoa duk nire txoritxo hau erakuslea hankatartera zuzenduz goseak amorratzen dagoela, eta bele tzar hori dela baraurik daukana.

-Nola hagoen ikusita, ez duk harritzekoa orduan lurrak zuen aurrean zabaldu nahi ez izana.

-Jo ezak kanpaia noizbehinka barrenak lasaitzeko, motel, edo harrapa ezak bestela herrikoen ardietako bat, sentsazioa antzekoa dela entzun nian lehengoan! Jazintok, irribarre bihurri bat ezpainetara ekarriz.

-Hoa pikotara, zikin alaena!

-Hori probatu duanaren seinalea duk.

-Hik Loloren txerramarekin ere egingo huke okasioa izatekotan.